XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.8. XVIII. mendeko gipuzkeraren azentua (Larramendi-ren arauera).

Aita Larramendi-ren obraren bitartez egin daitekeen gipuzkera zaharraren deskribaketa, ezinbestean ahula eta zalantzaz betea bada ere (besteak beste, orduan ere, gaur bezala, gipuzkerak azpi-euskalki desberdinak zituelako), euskalari ospatsuaren lana aztertzea bidezko iruditzen zaigu; batez ere, aldez edo moldez, bere jaiotza-hizkeraren azentu-ikerketa sistematikoa egiten lehendabiziko euskal hizkuntzalaria izan delako.

Alde batetik, bere El imposible vencido famatuan, erregela-multzo sail luze bat eman zigun azentuketa horretaz.

Hots, hori guztia haren irudimen berotik jalgia dela pentsatzea, zorakeria litzateke.

Hain zuzen ere: denak adierazten du, baita azentuari buruzko haren datuek ere, A. Larramendik euskara oso sakonki ezagutzen zuela.

Beste alde batetik, azentuketa grafikoa erabili zuen bere euskal izkribuetan: Diccionario Trilingueko esaldi luzeetan eta hiztegi pasarteetan ez-ezik, Euscaldunai osasuna deritzon testuan ere (CXCII eta hurr.), Mayans-en aurkako Agiri sutsuan, azentu grafikoa erabili zuen.

Ordenakide eta adiskide zeukan Aita S. Mendiburu-rentzat prestatu zuen hitzaurrean ere (Jesusen bihotzaren devocioa izeneko liburuarekin batera argitaratua) azentua markaturik dator.

4.8.1. Nahi baino lehenago egin ditzagun ohar batzu izkribu horietaz; ondoko lerroetan ere oinarritzat hartuko baititugu.

4.8.1.1.DTko azentu grafiko hori (guk zehazki ikertzeko aukera izan dugun bakarra: Pío de Zuazua-rena, 1853-koa), izugarri aldakorra da; eta nekez balia daiteke orain dela bi mendeko gipuzkeraren azentua zehazki eta osoki aztertzeko.

Zenbait orrialdetan maiztasun handitan dator delako azentu grafiko hori. Egia da.

Baina segituan, ondoko kapituluetan, azentu horren aztarnarik ez dago.

Seguru aski, lanaren argitaraketa bere gain hartu zuen inprimategiaren lepora bota daitezke irregulartasun horiek; huts tekniko gisa, alegia.

Baliteke D T lehendabiziko argitaraketan huts gutxiago egotea; 1729 an egin zenak esperantza bide zabalik utzi ez arren (El imposible vencidoz ari gara orain).

4.8.1.2. El imposible vencidoan datozen argibideek, eta are gehiago paradigmek, akats nabarmen bat daukate; egilearen teorien adibide hertsiak diren aldetik, artifizialak izan daitezke agian; eta, horrez gain, hamaika azentu irregulartasun eta hutsune erantsi behar da.

Hautematen diren huts horietako batzu, hain zuzen, guztiz adierazgarriak dira, ikusiko dugunez; eta Josu-lagun jakintsuaren ideiak mugatzeko balio dezakete.

4.8.2. Gainerako euskalkien deskribapenean eraman dugun azalbide berbera segitzen badugu, has gaitezen izena ardaztzat duten unitateen azentua argitzetik.